XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nola banatu ikasleak

Atal honetan ikasleriaren kokapenak sortuko duen edo sor dezakeen desorekari irtenbidea ematen saiatuko gara.

Lehenik eta behin gure ikasle-tipologia definitzen saiatuko gara: heldua; informatikaren gaineko ideiaren bat daukana; bere lan ordua, bizilekua edota gogoagatik euskaltegietara momentuz hurbildu nahi ez duena; euskaltegian egonda, bere kabuz errepasu moduan zein lan pertsonal moduan euskarari hainbat denbora eskaini nahi diona...

Baldintza horiek betetzen dituzten hainbat ikaslerekin hitz egindakoan gai honi buruz mota guztietako iritziak jaso ditugu.

Sistemaren aldeko nahiz aurkakoekin topo egin dugu.

Aldeko iritzien artean, erosotasuna, bakarka ikasteko aukera, aurrerapenak egiteko aukera...

Aurkakoen artean arrazoi nagusia galdera baten bidez plazaratzen ziguten: ordenagailuen bidez nola mintzatu?

Benetan arazo larria da mintzamenarena, eta sistema honek egun duen gabeziarik garrantzitsuenetarikoa ere bai.

Behintzat, eta teknologia merketu arte, mintzamena atalari dagokionez bestelako metodoen bidez landu behar izango litzateke, hau da, elkarrizketatxoak, zuzenean ikasleekin banan-banan izango dugun mintzaldi hori landu ahal izateko, ez bakarrik mintzamena lantzeagatik, hizkuntza xedea ere landu nahi baitugu horien bidez.

Mintzamena praktikatzeari %10 eskainiko genioke batez beste.

Ikastalde normal batean 10 lagun egonda bakoitzari %10 legokioke hitz egitea kasurik onenean, eta guk hortik atera dugu portzentaia hori.

Laburbilduz, programan sartzen den ikasle batek lan egitea proposatuko baligu, bere programa pertsonalizatuari hogeita hamasei minutuko elkarrizketa zuzena eskainiko genioke.

Elkarrizketa hauetan, ahozko ariketak planteatu ez ezik zuzeneko azalpena eman eta bere prozesuari jarraipena ere egingo genioke.

Printzipioz, eta posible balitz, elkarrizketa horiek tutorearekin egingo genituzke; hala ere elkarrizketak aditua den irakasle batek izan litzake beharrezkoa balitz.